XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

DONOSTIA HIRIA IPUIN LEHIAKETAN BIGARREN SARIA / HATSAREN GAINEAN Manuren hitzak gogoratzen ditu txandala jantzi ondoren zapatilak lotzen dituen bitartean.

Argi dago dena, ekintza berriaren hasieran aspaldidanik sentitzen ez zuen poza nabari du.

Orain badaki aktibitate fisikoak ere bere lojika duela, ezagupena eskatzen duela ezer positiborik ateratzekotan.

Ia urtebete lehenago, hondartzan zehar korrika ibili ohi zenean, Manuri entzundako guztiak ez jakiteaz damu da, aze astakeriak zituzkeen eginak, bere onerako ari zelakoan agian kaltegarri zitzaion eran iharduna zatekeen.

Orain, ordea, ezagutzen zuen nori zer komeni zaion jakiteko modu zihurrra: bihotzak, bihotz taupadek erakusten dute egindako lana ongi ala gaizki dagoen, gehiegi ala gutxiegi den.

Baina batez ere harritu zuena zera izan zen, bere gorputz egoera zertan zen jakiteko Manuk eskaini zion testa, formula matematiko baten bidez interpretatu beharra.

Ordura arte hain berezkotzat eduki zuen ekintza mota zehaztasunaren hesparruan kokatzeak txunditu zuen.

Baina beharbada bere halako zehaztasunen beharrean zegokeen.

Bihotz taupadak kontatzen dira: deskantsu osoan lehenik (ohetik jaikitzean egokiena), hainbeste flexio egin ondoren gero, eta azkenik ariketa hor bukatzetik hamabost segundutara.

Hortik ateratako datuei formula aplikatu eta horra hor labur eta zehatz nola zauden adierazten dizun indizea.

Egia esan, bere buruan probatu duenean ez zaio oso aldeko atera, baina hau azken bost egunetan bizi izandakoari egozten dio, bost gauetan lo luze sakona galdu izateari.

Baina ez dago zertan hasi berriro hari bueltaka.

Orain jogging-ak lagunduko dio, bai, galdutako bakea irabazten.

Ez, utikan! Eta doi erdikusitako irudi mingarria ezabatzen du borondate kolpe batez.

Izen baten oihartzuna, hala ere, kosk egiteko prest, Ez, utikan! orain egitera doan honetan konzentratu behar du, hartara jarri gorputz eta animaz, zokondo ilunetatik irten daitezkeen iratxoak uxatu.